TESTUINGURUA

KONTSEJUPEAREN HISTORIA


Beste hainbat lekutan bezala, Azkoitira bote luzea XVI. mende inguruan jaitsi zen mendietatik. Hau ikusita, Azkoitiko herriko parrokiako pareta eta garai hartan osorik zegoen herria babesten zuen harresiko pareta erabiltzen hasi ziren luzean jokatzeko.

         Urteak aurrera joan ahala, geroz eta jende gehiago hasi zen pilotan jokatzen eta jokamolde berriak ezagutzen hasi ziren. Honenbestez, 1707an, eta herritarren eskari ugariren ondoren, trinketea sortzen hasi ziren. Trinkete hau etxeen artean zegoen, kale zulo batean.   

1730-1740 artean azkoitiko udaletxea eraikitzen hasi ziren, gertakari garrantzitsua oso, bertan frontoi txiki bezain berezi bat eraikitzeko aprobetxatu baitzuten: gure Kontsejupeko pilotalekua, hain zuzen ere.
Urte batzuk geroago, Peñaflorida kondeak “Goiko Losa” (edo Goiko Zelaia) pilotalekua eraiki zuen 1753-1759 artean. 

       Luzean jokatzen jarraitzen zuten gutxiak ere pareta baten aurka jokatzen hasi ziren, eta hori dela eta Goiko Losan erreformak egin zituzten 1867-1877 artean.

         Apustu mundua Goiko Losa herritarrak isten hasi zirenean sortu zen, hala bertako apustuetarako 25 zentimo kobratzen zituztelarik. Baina Kontsejupea ez du normalean zipriztindu apustuen munduak, eta bertan jokatu izan diren apustuak sarrerarik kobratu gabe jokatu dira.

         Hala, azkoitiarrek pilotan jokatzen jarraitu zuten, eta trinketea baztertzen joan ahala Kontsejupeko pilotalekuak eta Goiko Losak hartu zuten indarrik handiena. Apaizek asko jokatzen zuten pilotan, beti ere kontsejupean, oso joko garbitzat baitzeukaten, eta oso ondo ikusita zegoen.
         Behin XX. mendean sartuta, 1932an Azkoitiko “Gurea” pilotalekua eraiki zuten, egungo partida federatuak jokatzen diren pilotalekua. 


Bukatzeko, 1995ean Jorge Oteiza pilotalekuak eraiki zituzten. Bere izena daramate gune hartan dauden zazpi pilotalekuek, bakoitzak Euskal Herriko probintzia bat sinbolizatzen duelarik eta zazpi jokamolde desberdinetan jokatzeko aukera ematen dutelarik.



KONTSEJUPEAREN OROKORTASUNAK

Kontsejupean, azkoitiko pilotari guztiek noizbait jokatu izan dute. Beti ere joko ez-zuzenak jokatu izan dira, eta gehienbat eskupilotan jokatu izan du jendeak, buruz buru. Binaka gaztetxoenek jokatzen dute gaur egun, baina normalean banaka jokatu izan da beti. Frontoi honetan hazi dira ondoren profesionalak izango ziren Andueza eta Atanotarrak. Pilotaleku honek hainbat berezitasun gordetzen ditu besteekin alderatuz: ateak, tetxua, zutabeak eta leku ezkutuak, horregatik jokatzeko indarra alde batera utzi eta trebetasuna abian jarri behar da. Pilotari askok, kontsejupean egundoko maila eduki arren, frontoi motzera pasatzean maila jaisten dute, eta alderantziz ere bai. 22ra jokatzen dira partidak, pilota goxoarekin, pisu finkorik gabekoa.

          Betidanik kontsejupea pilotariz beteta egon da eta ordu mugarik ez zegoenez, gau guztian zehar pilotariak jokatzen aritu izan dira kontsejupean.
Gaur egun, zaletasun hori galtzen ari da eta kontsejupean jokatzen den txapelketa bakarra “San Andres” jaietako lehiaketa izaten da. Bertan benjamin, alebin, infantil, kadete eta jubenilak jokatzen dute (nesketan benjamin, alebin eta infantil mailak) eta finala azaroaren 30ean jokatzen da.


KONTSEJUPEKO JOKAMOLDEAK
        
         Azkoitiko kontsejupeko pilotalekuak aukera anitzak ditu, eta hori dela eta, normala da bertan euskal pilotako hainbat jokamoldetan aritu izana jendea, nahiz eta eskupilota izan nagusia.

Duela zenbait urte,  xarea ere ikus zitekeen kontsejupeko frontoian; gaur egun, ordea, ezinezkoa da horrelakorik ikustea bertan. Jokamolde honetan, Valentin Juaristi Mendizabal “Atano V.a” pilotaria da aipatzekoa, kontsejupean aritu zena xarean urte askoan.

Gaur egun, palarekin eta teniseko pilotarekin ibiltzen da jendea gehienbat. Hala ere, Kontsejupean betidanik nagusi izan dena eskupilota izan da. Frontoi hau eraiki zenetik ibili da jendea eskupilotan, eta ia beti buruz buru. Hainbestekoa zen jokamolde honekiko atxikimendua, non urte askoan eskupilotan soilik joka zitekeela jartzen zuen kartela zegoen kontsejupean. Hemen aipatzekoak ditugu Atanotarrak, eta hauen artean, buruz buruko munduko txapelduna izan zen Mariano Juaristi Mendizabal “Atano III.a” nabarmen genezake. Hauez gain, izen handiko beste pilotari asko pasa izan dira hemendik: “Altamira”, “Unzueta”, “Olalde”...

         Frontoi honetan eskuz jokatzen den beste jokamolde bat, gurutze barrutia deiturikoa da. Bertan, frontoiaren barruan joko muga batzuk ezartzen dira, frontoi motzean 4 1/2-an egiten den antzera; bestelako arauetan, ez da inongo aldaketarik emango. Honek, jokoari beste dinamika bat ematen dio.